Ez
diren gauzak
Zazpi zaborruntzi
kale baterrean
(zazpiak lerroz lerro)
taparik gabe, ahora
euliei zabal zabalik,
tripazain.
Auzo honetako andere
gizonek untziak
arretaz betetzen dituzte.
Hara hor gure soziologia
material
eta sakonaren hondarrak,
boltsa astunetan
edonondik eta
edonoiz datozen hondakin
enigmatikoak. Begira
egiezu gorputz hutsoi,
zelan asebetetzen diren,
eta egin hiritarren
behar intimoen
hitstoria
Zarama untziotan
denetik, bizimodua
eta bere soberakinak,
antropologia artxiboan
baino humanitateari
buruzko datu gehiago.
Hara hor botila hutsak,
plastikoak
eta txatarrak,
saxofoi herdoildua,
botika kadukatuak,
kaiola txori hilak,
zaramapean metano
gas lehergarri bihurtuko
diren sein-painal desetxableak.
Zazpi zaborruntzi
kale baterrean
(zazpiak lerroz lerro).
Igarri metalezko
ahoen mezua: ugarian
eta naharoan akabatuko gara,
dietak egin beharko
ditugu gainbizitzeko
alde honetakoek,
bestaldekoak gosez
egarriz eta euliz
hiltzen diren bitartean.
Hara hor katu beltza
zarama gaiean
eta heldu den agurea,
agure gaixo hori
bidaiaren bat egiteko
oinetakoen xerka agian.
Zazpi zaborruntzi
irensle kale bazterrean
(zazpiak lerroz lerro)
etorkizuneko estetika,
joankizuneko etika
zibilizazioaren poetika formulatzen,
bota tirante fosforezenteekin
datozen
langile beilegien zain,
astiro eta astun
materia birrinduz heldu den
kamioiaren zain.
[Sarrionaindiaren
menura]