Gabriel
Aresti
Izugarri atzeratzen
dituk baforak errioko sarreran
urpeko harria jotzean,
berandu iritsiko
dituk portura beren burdin herdoildu,
beren kristal lausotuak
deskargatzera,
Zorrozako eskoletan
heure poemak irakasten dituk
eta haurrak leihotik
so diaudek mendira
han hurrin harri
bat ikusi dutelako.
Modaz pasaturiko
eskritorea deitzen haute
lehenagoko burges
irakasle eginek
eta lehenagoo iraultzaile
irakasle bihurtuek,
sariz eta titulos
beterik, beren gomazko zapatakin
zapaltzen duten guzia
gomazkoa delakoan.
Harrian behaztopatzen
dituk bostgarren pausuan.
Inork ere ez dik
harginen berba sekretua oroitzen,
letra erromatarrak
ere eguzki izotzen desegiten dituk,
baina harriak irauten
dik, eta poemak,
harriak legez, esanahiez
beteriko bere mututasunean iraunen dik.
Oraindik ere indartsuena
duk legea
eta altzatu ezineko
lausa bat ezarri ditek
hire hilobi gainean,
baina iragaiten dena
heure hilarri aurrean
gelditu behar duk,
eta aurrerantzean
ere heu bezalakoak izango dituk
euskal poetak,
halako ekibokazio
bat, haragi mogikorra,
harria, harea, aidea,
ezer sostengatzen
ez duen fruitu arrama.
[Sarrionaindiaren
menura]