Elurrezko
hegaztia da gure bihotza, Eorann.
Elurrezko hegaztia
da gure bihotza, Eorann, polborazko
loreen gainean hegatsez
Euskal Herrirantza.
Gure bihotza Bilboko
etxe zaharrean dago,
barruan zer dagoen
inork ez dakiela, Eorann,
gure bihotza mugaldeko
edozein larretan
tirokatzen dute karabineroek,
aurpegi alaiko
neskatilaren alboan
dago gure bihotza, Eorann,
edo Eskiulako laborari
mainguaren kantuan,
hegaztia, hegaztia
izan nahirik aidera begira.
Hil orduko bere iloba
bisitatu nahi duen
amamarekin dago gure
bihotza, eta Leitzako
ur gardenetan, Eorann,
edo beste edozein erreka
paperez betetan.
Hilargiari so gaude, baina
zer axola hilargiari
hornitzen duen mundu hau?
Amatatzen ari dira
argi guziak, gure bihotza
Goardia zibilen kuarteletan
kolpatzen dute gauero
eta hegazti bilakatzen
da ihes egiteko, Eorann,
munduko kale amaigabeetan
dabil gure bihotza,
heroe zaharrak kantoietako
izenetan herdoitzen diren artean.
Elurrezko hegazti
bat besterik ez da, esperantzaz,
esperantza doi batez
aidean, eguzkitan urtzear,
elurrezko hegaztia,
Eorann, zeure bihotz barruan
onartzen baduzu bakarrik
ez da desegingo.
Joseba
Sarrionaindia
[Sarrionaindiaren
menura]