Izarren hautsa
Izarren hautsa egun batean bilakatu zen bizigai
hauts hartatikan uste gabean noizpait ginaden gu ernai
eta horrela ibiltzen gera, sortuz ta sortuz gure aukera,
atsedenik hartu gabe; lana eginez goaz aurrera, kate
horretan denok batera gogorki loturik gaude.
Gizonak badu inguru latz bat menperatzeko premia
burruka hortan bizi da eta hori da bere egia,
ekin ta ekin bilatzen ditu saiatze hortan ezin gelditu
jakintza eta argia; bide ilunak nekez aurkitu lege berriak,
noizpait erditu hartan jokatuz bizia.
Gizonen lana jakintza dugu, ezagutuz aldatzea, naturarekin
bat izan eta harremanetan sartzea. Eta indarrak ongi errotuz,
gure sustraiak lurrari lotuz bertatikan irautea.
Ezaren gudaz baietza sortuz, ukazioa legetzat hartuz
beti aurrera joatea.
Ez dadukanak ongi ohi daki eukitzea zein den ona
bere premiak bete nahirik beti bizi da gizona
gu ere zerbait bagera eta gauden tokitik hemendik
bertan saia gaitezen ikusten, amets eroak basterturikan
sasi zikinak behingoz erreta bide on bat aukeratzen.
Gizonen lana jakintza dugu, ezagutuz aldatzea, naturarekin
bat izan eta harremanetan sartzea. Eta indarrak ongi errotuz,
gure sustraiak lurrari lotuz bertatikan irautea.
Ezaren gudaz baietza sortuz, ukazioa legetzat hartuz
beti aurrera joatea.
Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira bestea,
burruka hortan iraungo duten zuhaitz ardaska gazteak,
beren aukeren jabe eraikiz ta erortzean berriro jaikiz
ibiltzen joanen direnak, gertakizunen indar ta argiz
gure ametsa arrazoi garbiz egiztatuko dutenak.
Eta ametsa bilakaturik egiaren antzindar, herri zahar
batek bide berritik ekingo dio urduri; guztien lana
guztien esku jasoko dute sendo ta prestu, beren bizitzen
edergai, diru zakarrak bihotzik eztu, lotuko dute gogor
ta estu, haz ez dadin gizonen gain.
Mikel Laboa
 
[euskarazko olerkien orri nagusira]
index mail