Gaur beti bezala
ene pena betikoak zer kolore ote duen
galdetuko diot neure buruari
eta haurrak eskola bidean izanen dira dagoeneko
euren karpetak geografia eta historia zailez beterik
eta nik ere eskolara joan nahi dut
andereño batekin maitemintzeko
irratitik aurrez egindako albisteak emanen dituzte
eta su-etenak behin eta berriz hautsiko dira
haurrek margotu itxaropena zulatuz
gaur beti bezala
hamaika arrazoi nituzke karrikara jaitsi
eta hitz ederreko graffitiak margotzeko
meteorologoek iragarri egun on horretan ez sinesteko
errebolberrez poema blidatu bat zartatzeko
izan ere gaur beti bezala
akuarelazkoak baitirudite karrikek euriepean
eta beti bezala hegazkinek zerua ehunduko dute
eta agudo deseginen diren hari zuriak utziko dituzte
kosmologoek unibertsoa etengabe hedatzen
           doala diote
baina hemen unibertsoa
zapata-kaxa baten barruan kabitzen da.
 
Begiak ireki gabe
egunak zuribeltzean irudikatzen ditut
eta ene gogo antzigartuan
mila bider asmatzen zaitut
eta beste mila bider ezabatzen
malko zaurituen haragi bizitan
sentimendu biluzien bila
instant galdu baten bila abiatzen naiz
eta geroak oroituz
iraganaren uharak lotzen nau
irri ezezagunak ferekatzen
 
Lehenbizi zure begiak ahoa
lepoa gingila adatsa
sorbaldak bizkarra bularrak
gero besapea sabela sexua arrosa
zila ipurdia aldakak ezpainak
Zestoa zangoak oinak behatzak
oin azpiak titiburuak
eta sorbaldak ahoa bularrak
zure begiak bizkarra Kemper
Ipurdia oinak ezpainak
lepoa zila behatzak titiburuak
zangoak sexua arrosa sabela
adatsa aldakak Fresnes besapeak
eta azkenik esku biluzi bat
zure izateko era laztatzen.
 
Goizean patioko putzu isiletan elkartzen dira usoak
izenik gabeko egun grisetan
eta kale bustietako putzuetan irudikatzen ditut
zure oinetako beltzak bustirik
iragan galduetako aldirietan arrotz
baina gaur izenik gabe agertu dira hezurrezko
                  zuhaitz bustiak
izenik gabe isurtzen dira estratetako erosta-zotinak
eta begi tristeak dituzte usoek
izenik gabe dira zure ferekak ene gorputzean
eta ezabatuz doaz
izenik gabe datoz oroitzapenak nonbaitetik
gabon gaua da arkatzik gabe gelditu den presoarentzat
gabon gaua gutunik gabeko postontzietan
eta kartoizko kaxa bustiak dirudite etxe bustiek euripean.
Mikel Ibarguren
 
 
[euskarazko olerkien orri nagusira]
index mail