Bultzi- Leiotik.
 
Oi, lur, oi lur!
Oi, ene lur nerea!
Oi, goiz eme,
parre gozoz ernea!...
 
Arto musker,
mendi, baserri zaarrak;
ale gorriz
abaildutako sagarrak:
 
oro laiño
mee batek estalia
urrez oro
eguzkiak yantzia...
 
Nekazari,
gizandi bat iduri
soroan zut:
beyondeizula zuri!...
 
Zure bazter,
gurazko aberria,
doa zoro
ta (bertan ni) bultzia...
 
Oi, ene lur,
baninduzu zurea,
zu landu, ta zure
sariz asea!...
 
Baiñan... ezin:
beeko bear goriak
narama... Agur
soro, sagar, mendiak!...
 
Bihotzean min dut
 
Bihotzean min dut, min etsia, negar ixila darion mina,
Amonatxo bat nun, gaur, enara etorri garaiez aldegina.
Eguzkirik ez dute
Lehiotan zapiak
Haur jolasik ez dago
Gaur zure kalean.
Hodeiek litsuratu,
Itsasoak orro
Izadi bat geldirik,
Gero bat batean
Hots, hots, bizi on oiñok,
Hots, hots, bizi on oiñok.
Errezka bi gizonek,
Argizari horiak,
Gorputza, lau bilobok,
Atzetik andreak,
Aiene lorari lau,
Zein dudan larria,
Besoek ez lan arren
Bihotzak nekeak,
Mendea ia betea
Ta ez iraun gorputz zahar
Beza gogoa goyen
Hi bezain arina.
Ta bezat ni nerea
Dei nazatenean,
Ezin itzal argiruntz
Hagetzeko dira.
Hots, hots, bizi on oiñok,
Hots, hots, bizi on oiñok.
Orain larogei urte,
Kale poz gabeok,
Eguzkiak zik onda
Zure haur jolasak
Alaitzen gaur harriak,
Ere bai dira haitzak
Nork lekuzke ez ikusi
Urte urdin ihesak.
Egun zaharrak joanda
Ta berriak etorri,
Gaur poz bihar oinaze,
Noiz burni, noiz zilar.
Zenbaitek hondamendi
Baitute katea
Lore sorta bekizu,
Goi muinoan zehar,
Hots, hots, bizi on oiñok,
Hots, hots, bizi on oiñok.
Bat batean eten da
bizi on hots hori,
gorputza laga dugu
nunbait, al dakit nun?
Bultza daute barrura
Ñir-ñir aunitz argik
Ordiantz oh sar nauzu,
Begi lauso ta haurdun
Amonatxo bakarri,
Txalo pum, atean,
Hotz dago, gor entzuten
Zure azken meza
Zerraldoen artetik
Negu gaua idur,
Ez al dator txuluka
Haizeerruki eza?
Hots, hots enegan bihotz
Hots, hots enegan bihotz.
Begiok ero ditut
Noranahi doazkit,
Dantzan hasi bat dagil,
Irudimenean.
Goruntz egik bihotzat,
Otoika lasa hadi,
Ixila sor bat dabil,
Hire barrenean.
Ordu bete luzea
Igaro zan noizbait,
Berriro Elorri jauna,
Besoek hurrena,
Muino baten gainean
Ur ixil bat dakarki,
Pozoina zekan kateak
Hemendik etenak.
Hots, hots, bizi on oiñok,
Hots, hots, bizi on oiñok.
Ohol bat jaso ta ikusi
Dut musu ximela
Barrerantza bizirik
Balirau bezala,
Hots, hots, ager hadi bihotz,
Hots, hots, ager hadi bihotz.
Ordu lixar bat biztu
Du neure gau beltzak,
Begioi malko ixil bat,
Dardarka darite.
Noizbait itxaroka bi,
Bihur dan bihotzak.
Hots, hots, jauzika bihotz,
Hots, hotz, jauzika bihotz.
Agur ohiukariok,
Gorputz ximur maite,
Agur amonatxo
Egun handirarte,
Hots, hots bizi on oiñok,
Hots, hots bizi on oiñok.
Lizardi
 
 
[euskarazko olerkien orri nagusira]
index mail