Elurrezko hegaztia da gure bihotza, Eorann.
Elurrezko hegaztia da gure bihotza, Eorann, polborazko
loreen gainean hegatsez Euskal Herrirantza.
Gure bihotza Bilboko etxe zaharrean dago,
barruan zer dagoen inork ez dakiela, Eorann,
gure bihotza mugaldeko edozein larretan
tirokatzen dute karabineroek, aurpegi alaiko
neskatilaren alboan dago gure bihotza, Eorann,
edo Eskiulako laborari mainguaren kantuan,
hegaztia, hegaztia izan nahirik aidera begira.
Hil orduko bere iloba bisitatu nahi duen
amamarekin dago gure bihotza, eta Leitzako
ur gardenetan, Eorann, edo beste edozein erreka
paperez betetan. Hilargiari so gaude, baina
zer axola hilargiari hornitzen duen mundu hau?
Amatatzen ari dira argi guziak, gure bihotza
Goardia zibilen kuarteletan kolpatzen dute gauero
eta hegazti bilakatzen da ihes egiteko, Eorann,
munduko kale amaigabeetan dabil gure bihotza,
heroe zaharrak kantoietako izenetan herdoitzen diren artean.
Elurrezko hegazti bat besterik ez da, esperantzaz,
esperantza doi batez aidean, eguzkitan urtzear,
elurrezko hegaztia, Eorann, zeure bihotz barruan
onartzen baduzu bakarrik ez da desegingo.
                                       Joseba Sarrionaindia
 
[Sarrionaindiaren menura]
index mail