III (San Pedro bezperaren ondokoak)
 
Nik maite dudan jendeak
                nik baino gutiago maite nau.
Nik maite dudan jendea
ez zait inoiz,
arratsalde euritsu batez,
lantokira aterki batekin etorri,
busti ez nadin,
ez da nik esan dudanez gogoratzen
ez nau gauza mirakulos bat bezala begiratzen
ez du nigan itsuki sinesten
ez du ene beharrik sentitzen.
Horregatik,
horrexegatik,
zu,
aterkia eskuan,
portalaren alboan,
beste seinalerik gabe,
ezagutuko zaitut,
hainbat aldiz,
zaparrada baten harian,
aterkia eskuan,
norengana jo ez zenekizularik,
zeure besoaren eta aterkiaren
tristeziaz
negar egiten zenuen
hori.
Eta erakutsiko dizut
neure besoen epela
neure soinen zorrotza
izarren isila
anemonen apala
La Séoubeko goizen sekretua
artaldetik urrun dabilen bakartiaren
oihua.
Eta zuk,
aterkiaren gauaren pean,
euriaren azpian ezkutatutako xoko samurra,
lagunen arteko marmario amankomuna,
zakurren laztanen biguna
etorkizunaren esperantza bildurgabea
bi izatearen zoriona
irakatsiko didazu.
Eta ni izango naiz leiho irekia
eta zu gaua,
aterki beltz,
haundi,
herdoiltu baten pean.
VII
Euria ari du.
Putzu berbera
mila aldiz hustua eta
tantoka
tantoka
betea.
Ba dohaz maldaz behera
seietako langileak,
sudur muturra hotzik,
eskuak patriketan.
Hatsak markatzen duen
bide zuria,
alkotoizko ametsa,
norabaitera doan bideari
jarraikituz.
Honelako goiz batez oroitzen naiz,
neure haurtzaroaren,
beti bueltaka dabilkidan
haurtzaro zorigaitz haren
goiz batez.
Langileen botak altxatako
haize hotzak esnatu ninduen,
neguko izotzak bustia nengoen
eta xori beltza,
haundi,
baten hegal haundiek
urratzen zidaten aurpegia.
Honelako goizalde batez oroitzen naiz,
isiltasunez eta hotzez
kargatutako goiz batez.
Eskua luzatu eign nuen
eta ez nuen ezer ikutu.
Orduan ulertu nuen
ez nuela mendirik mugituko,
itsasorik erdibituko
eguzkirik itzaliko.
Honelako goizalde batez oroitzen naiz,
isiltasunez eta hotzez kargatutako goiz batez.
Arantxa Urretabizkaia
 
 
[euskarazko olerkien orri nagusira]
index mail