Lagun lirain bati
Malkoak
darie ene begioi,
bitsa
arroketan erasotzen gaituzten uhin berde atseginei,
odola, aldiz,
ene nahikunde panpoxari,
orain
itsaso lehorrerantz noalarik
ezak zurrupatuta,
desirak baldartua,
amildegi honetan behera
maitasunaren zalantzak
bultzatua.
Allegro goibel honetaz narama
tristeziak,
zure gorputz
sendo, polit, beltzaran,
azal leunaren
nahiak,
ene besoarteko
eguzkiprintz bero antzo
zure sotiltasunaren
finak,
zure ezpain,
zure ile eta
begien indarrak.
Zuhaitz tinko,
kemena,
amodio garaitezina.
 
Oi Ene Maite Begi Berdeko
Neke neke eginda
begiratu zaitut gaur
goizean
gau osoa
zutaz gogoetaka eman eta gero
ustekabez agur egin didazunean
pasabidean,
orduan
zure begi berde
ederrek
dardarazi naute,
eta joan zatzaizkidalarik
ostera ere
nigar eragin.
Andolin Eguzkitza
 
[euskarazko olerkien orri nagusira]
index mail