Epai-aretoko axedrez taulak premiaz mugitzen dira
erortzen etsipenez gartzelarien giltzak
eguna ixterakoan
eta partitzeko tenorea
kanpai-ahoak adierazi zuenean
lurrenaren erreinuan berandu hitza
iltzatu egin zen;
orduan zerraldo erori ginen
maindire jelatuen artera
bele-izpiritu zuten bost aingerurekin oheburuan.
 
Trenen inkontru-puntuan
helmuga
finitzear
karramarro-parentesiaren
zirriborro artean.
 
Tronoak zurbilduz zihoazen
lilura ezin mingarriagoz
ajea daraman iragan eternalaren
e-sa-ne-ta-ra
eta su ororen puntualitateaz
botere ezkutuak ortzemugak
izozten zituen heinean
berunezkoak bihurtzen ginen
berunezko iruditxoak.
 
Kaio-hegoaren
itsas-itzal bare-dongea
arrats beheraren bakoitzean
beti
inguru-minguruka
kaio-hego negu-gris ezabatuaren
oren geldia
 
Ez dakite izarrek lau behatzetatik esnea darienik
gure aho lokartuetaraino
erroek lurra sostengatzen dutenik haien hatzaparrez
Ez dakigu gauzek ezpain iz mugitzeke lore-hitz sotilak
zuzentzen dizkigutenik
argia iraungiezina denik
arraroaren derra
naturaleza errebidatze zirkular-etengabearen zergati izkutua
poesiaren mezu gordea
inozentziaren zoriona
Ez daki ilargiak harilkoa denik eta denporapasan goruaz
hontzak gau-jagole denik
Ez dakik bihar elkar aurkituko dugunik.
Amaia Iturbide
 
[euskarazko olerkien orri nagusira]
index mail